Gizarte Ekonomiaren Hiriburutzaren aitzakian, nazioarteko ehunka profesional eta aditu Donostian izango dira datorren astean. Azaroaren 13tik 17ra, gizarte ekonomiaren alorreko dozena bat eragilek antolatutako ekitaldiak eta topaketak izango dira hirian, eta gizartearen eta lurraldearen ongizatean oinarritutako eredu ekonomikoaren alde egiten duen enpresa-eredua balioan jarriko dute, eredu honen erreferente baitira Gipuzkoa eta Euskadi.
Hiriburutzaren programako mugarri garrantzitsu batekin hasiko da astea: Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak antolatutako Gizarte Ekonomiari buruzko Europako Konferentzia. Pertsonak. Planeta. Ekin izenburupean, 550 adituk hartuko dute parte azaroaren 13an eta 14an Kursaal Jauregian egingo diren topaketetan.
Konferentzian izango diren hizlarien artean, hauek nabarmentzen dira: Yolanda Díaz, Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordea eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroa; Nicolas Schmit, Europako Batzordeko Enplegu eta Gizarte Eskubideen komisarioa; Mia Seppo, LANE Lanaren Nazioarteko Erakundeko zuzendari nagusi albokoa; Antonella Noya, ELGA Gizarte Ekonomia eta Gizarte Berrikuntza Unitateko burua; Juan Antonio Pedreño, Social Economy Europe eta CEPESeko presidentea; eta Jérôme Saddier, Social Economy Europeko presidenteordea eta ESS-Franceko presidentea.
Konferentziaren programan, besteak beste, hitzaldiak, bilerak, tailerrak, gizarte-ekonomiako enpresetara bisitak eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren "Denon Artean" eta Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren "Social Economy Europe" sarien banaketa-ekitaldiak izango dira.
Konferentzia, gainera, aukera ezin hobea izango da gizarte ekonomiaren alorrean ematen ari diren mugarri nagusiak eta eredu kolektibo, demokratiko eta solidario honen ikusgarritasuna indartzeko, ekintzarako deia egiteko, alegia; eta tartean, Ekonomia Sozial eta Solidarioari buruzko Nazio Batuen Ebazpena edo Gizarte Ekonomiako Europako Ekintza Plana sustatuko dira. Espainiak du uneotan Europar Batasuneko Kontseiluaren Lehendakaritza, eta konferentzia horren baitan kokatzen da. Segurtasun kontuak medio, prentsaren akreditazio-epea azaroaren 10ean amaituko da, 15:00etan.