Donostiako Udalak urratsak ematen jarraitzen du mugikortasun aktiboaren aldeko apustuan, bizikletaren erabilera bultzatuz. Hori dela eta, Udalak hainbat hobekuntza jarri ditu abian bizikletaren inguruan, uda honetan hiriko mugikortasunaren elementu nagusi bihur dadin.
Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak adierazi duenez, "bizikletaren aldeko apustua hiriko mugikortasun-planaren parte da, eta hiri atseginagoa lortzea eta donostiarren bizi-kalitatea hobetzea du ardatz nagusi. Apustu horrekin batera, neurriak hartu dira bizikleta herritarrentzat erakargarria izan dadin. Azken aldian, Mugikortasun Zuzendaritzatik hainbat ekintza egiten ari gara bizikletaren erabilera sustatzeko, eta uda –eta eguraldi ona– une egokia da bizikletan mugitzeak zein nolako abantailak dituen ikusteko".

Bizikletaren erabilerak gora egin du azken urteotan, eta Udalak are gehiago sustatu nahi du, ingurumenerako ez ezik, hori erabiltzen dutenen osasunerako ere onuragarria baita.
Horregatik, Bizikletaren Plan Integrala prestatzeko lanak amaitzen ari da Mugikortasun Zuzendaritza. Plan hori datozen hilabeteetan jarriko da abian, eta etorkizuneko bizikleta-sarearen ibilbide-orria zehaztuko du. Edonola ere, Udalak aurrera egiten jarraitzen du mugikortasun aktiboa lehenesteko bidean, hain zuzen ere garraiobide motordunen gainetik.