Donostiako Tokiko Gobernu Batzarrak lankidetza-hitzarmen berri bat onartu du Udalaren eta CIFP Easo Politeknikoa LHII-ren artean, Abegi Etxea Harrera Sozialeko Udal Zentroaren erabiltzaileekin aho-hortzetako alterazioak eta patologiak prebenitzeko programa bat garatzeko eta osasuna sustatzeko jarduerak egiteko.
Eneko Goia alkateak azaldu duenez, "hitzarmen horri esker, Donostiak kalitate handiagoko arreta eskaini ahal izango die harrera sozialeko zentroaren erabiltzaileei, eta, aldi berean, Politeknikoko lanbide-heziketako ikasleei esperientzia praktiko bat eskaini ahal izango die, testuinguru erreal eta sozialki konprometitu batean".
Aho-hortzen oinarrizko arreta funtsezko zainketen parte da pertsona ororen higienea eta ongizatea bermatzeko, eta gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonen kasuan, hala nola Abegi Etxean artatutakoen kasuan, zerbitzu horiek eskuratzeko oztopo handiagoak dituzte. Bestalde, Easo Politeknikoa LHII-k, lanbide-heziketako ikastetxe publikoa den aldetik, ikasleak testuinguru erreal, etiko eta sozialki konprometituetan prestatu nahi ditu.
Hala, hitzarmenak aukera ematen du aho-hortzen higieneko zikloko ikasleen prestakuntza praktikoa eta gizarte-ingurunean esku-hartze zuzena bateratzeko, higienistak osasun-agente gisa duen zeregina indartuz eta ikasleentzat zein erabiltzaileentzat eragin positiboa sortuz.

Easo Politeknikoa LHII-k bere gain hartzen ditu aho-hortzetako esku-hartzeen kostuak eta beharrezko materiala, bere prestakuntza-jardueraren zatitzat hartuta; beraz, zerbitzuaren hobekuntza horrek ez dio inolako kosturik ekarriko Udalari.
Klima eta Energiarako Ituna
Tokiko Gobernu Batzarrak Donostia Klima eta Energiarako Alkateen Itunari atxikitzea onartu du. Klima-aldaketari, esparru juridikoari eta berotegi-efektuko gasen bilakaerari buruzko ebidentzia zientifiko berriak kontuan hartuta, komenigarritzat jotzen da Itunaren proposamen berriari atxikitzea, 2030erako % 55 murrizteko konpromisoa eta 2050erako emisioen neutraltasuna hartuta.
Emisioak murrizteko helburuetarako konpromisoa hartzeaz gain, sarera atxikitzean, Udalak adierazi du helburu horiek lortzen lagun dezaketen eragile guztiekin tokiko mailan klima-itun bat garatzeko asmoa duela.
Udalak konpromisoa hartu du, halaber, beharrezko trantsizioa bideratu eta bizkortzeko. Bere helburuak lortzeko ekintza-plan bat garatu, aplikatu eta jakinaraziko du (ezarritako epeen barruan). Planek klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko xedapenak jasoko dituzte, integratzaile izateari utzi gabe.
Kontratuen esleipena
Tokiko Gobernu Batzarrak zenbait kontratu esleitzea onartu du, gai hauei buruzkoak:
- Autotramitazio-makinak: AXIALTIC SOLUCIONES TECNOLOGICAS SL enpresari esleitu zaio erosketa-aukerarik gabeko errentamenduaren bidez autotramitazio elektronikoko 7 makina hornitzeko, mantentzeko eta eguneratzeko kontratua. Kontratuak 2 urteko egikaritze-epea izango du makinak entregatzen direnetik (gehienez urtebeteko bi luzapen), eta urteko esleipen-prezioa 31.508 eurokoa izango da.
- Urgull taberna: UTE POLVORÍN enpresari esleitu zaio Urgull mendian dagoen taberna ustiatzeko zerbitzuen kontratua, bai eta erabilera publikoko ebakuazio-zerbitzuak ematekoa ere. Kontratuaren hasierako epea 2 urtekoa da (urtebeteko hiru luzapen posible) eta emakidadunak ordaindu beharreko kanona 79.860 eurokoa da.
- Plantula apaingarria eta erraboilak: LANDARE HAZTEGIA, SL enpresari esleitu zaio Donostiako parke eta lorategietako lore-parterreetarako sasoiko plantula apaingarria eta erraboilak hornitzeko kontratuaren 2. LOTEA. Kontratuaren hasierako iraupena urtebetekoa da (urtebeteko luzapena izan daiteke) eta esleipen-prezioa 18.272 eurokoa.