Ezin dugu ulertu balio demokratikoetan oinarritzen ez den Europa bat; ez dugu ulertzen, halaber, balio hauek gabeko Europa bat: berdintasuna, giza eskubideen errespetua, askatasuna, zuzenbide-estatua edo giza eskubideen errespetua, gutxiengoetako eskubideak barne.
Aurten, berdintasuna eta zuzenbide-estatua dira jardunaldiaren ardatzak, eta, horren harira, xakelari ukrainarren partaidetza izango dugu. Xakearen munduan erreferente diren bi emakume izango ditugu –ez dugu ahaztu behar xakea gizonezkoen esparruarekin lotu ohi dugula–. Gainera, ezin dugu alde batera utzi Ukrainako gerra hasi zenetik Europarako espazio berri bat ireki dela, hain zuzen ere, Errusiak sortutako gatazka belikoaren ondorioz lekualdatutako pertsonak hartzeko.
"Europar Batasuna eta balioak: emakumeen eta gizonen arteko berdintasunik gabe ez dago Europarik, ezta demokraziarik ere" izenburupean, jardunaldia egingo dute Eusko Legebiltzarrak eta EuroBasquek Europaren Egunean, hots, maiatzaren 9an. Horretarako, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak, Irune Zuluaga EuroBasqueko presidenteak eta Igor Filibi EuroBasqueko idazkari nagusiak parte hartuko dute, eta Anna Muzychuk eta Olga Alexandrova Ukrainako xakeko bi maistra handik ere parte hartuko dute. Bi maistra horiek gerraren ondorioz utzi zuten beren herrialdea, eta beren karreretan lortutako tituluen bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzen dute; biak Leontxo Garcia kazetariak aurkeztutakoak.
Anna Muzychuk munduko txapeldun hirukoitzak 2017ko azaroan uko egin zion Saudi Arabiako Munduko Txapelketan bere tituluen defentsan parte hartzeari, bertan emakumeei ematen zaien tratuagatik. "Ez dut inoren araupean jokatu nahi, ez dut abaya jantzi nahi eta ez nau inork eskoltatu behar irtetzerakoan". "Emakumeak bigarren mailako herritar gisa tratatzen diren tokian" ez zuela egon nahi adierazi zuen eta bere erabakiak izango zuen erantzuna edonolakoa izanda ere, kirolean berdintasuna aldarrikatzea izan daitekeen garaipenik onena zela aditzera eman zuen.
Olga Alexandrovak, bestalde, onartzen du xakean emakume gutxiagok jokatzen dutela, historikoki gizonezkoen kirola izatearen ospea izan duelako: "Ez gara jokalari txarragoak; baina hain gutxi garenez, ikusgarritasun txikia dugu".
Leontxo Garcíak egingo ditu aurkezle lanak. Kazetari, xakelari eta, beste errekonozimendu batzuen artean, Nazioarteko Federazioko (FIDE) Hezkuntza Xakerako Kontseilari Nagusi da Leontxo eta FIDEren Urrezko Liburuan inskribatuta dago, "xakea munduan zabaltzen egindako ekarpen handiagatik".
Jardunaldiari amaiera emateko, Leontxo Garciak Ukrainako bi Maistraren arteko xake partida komentatuko du. Anekdota bezala, jokatuko duten partida "itsu-itsuan" izango da.