Barakaldoko Udalak Herritarrentzako Arreta Zerbitzua (HAZ) indartu du 010 telefonoaren lantaldean pertsona berri bat sartuta, udalerriko bizilagunek zalantzak argitzeko, izapideak egiteko edo informazioa eskatzeko kanal hori erabiltzen dutenean jasotzen duten arretaren kalitatea hobetzen jarraitzeko. Zerbitzua finkatu egin da, eta 2024an 128.320 dei jaso ziren telefono horren bidez. Lehen seihileko honetan, aurreko urteko seihileko bereko arreten antzekoak erregistratu dira: 65.860 arreta jaso dira, eta iaz, berriz, 65.430.
010 zenbakia Udalaren herritarren arretarako telefonoa da, herritarrek asko baloratzen duten tresna, eta urtean milaka arreta erregistratzen dituena. Barakaldo barrutik egiten diren deietarako doakoa da. Udalerritik kanpo deituz gero, 944 789 200 zenbaki finkoa erabiltzea gomendatzen da. Orain, zerbitzua indartu egin da: lanaldi osoan lan egiten duten 6 pertsona izatetik 7 izatera igaro da, 7. hau lanaldi erdian. "Errefortzu honek erantzun-denborak arintzea eta arreta azkarrago eta eraginkorragoa bermatzea ahalbidetuko du, batez ere kontsulta-bolumen handiagoko uneetan", adierazi du Gorka Zubiaurre Alkatetzako zinegotziak. "010etik egiten diren arretak askotarikoak dira: plazak erreserbatzetik hitzorduak eskatzera, zalantzak argitzera, gorabeheren berri ematera...", nabarmendu du zinegotziak.

Gainera, zerbitzuak posta elektronikoaren arreta ere eskaintzen du, eta jasotzen den kontsulta bakoitza arlo guztietara bideratzen du. Ildo horretan, zifrak ere antzekoak dira. Aurreko urtean 11.589 mezu elektroniko jaso ziren. Seihileko honetan, 6.363ra igo da kopurua (6.340 iazko seihileko berean).
HAZek aurrez aurreko arreta eskaintzen du udalerriko hainbat tokitan: Barakaldoko erdigunean, San Vicenten eta Gurutzetan. "Hobekuntza horrekin, Udalak berretsi egiten du arreta publiko hurbil, eraginkor eta kalitatezkoarekin dugun konpromisoa", esan du Zubiaurrek.