Eneko Goia Donostiako alkateak; Ángel Garabieta Caixa Bankeko Euskadiko merkataritza zuzendariak; eta Sonia Saénz "la Caixa" Fundazioaren Euskadiko Lurralde ordezkariak, Munduko koloreak erakusketa aurkeztu dute gaur Donostiako Alderdieder lorategietan. Erakusketak gure planetako paisaia sorta zabal izugarrira hurbilduko gaitu, bai eta paisaia horiei erabat lotuta dauden koloreetara ere.
National Geographic-eko argazkilarien 42 argazkiren bitartez, "la Caixa" Fundazioak Donostiako Udalarekin elkarlanean antolatutako erakusketak koloreaz hausnartzera gonbidatzen gaitu, kolorea uneoro baitago gure inguruan, eta gai da gure sentieran eragiteko edota gu indarrez betetzeko, edo gugan lasaitasuna edo zirrara sortzeko. Haien tonu eta ñabardura guztiak oharkabean pasatzea saihesteko, erakusketa honek koloreak hartu ditu ardatz goitik behera.
Goiznabarreko argiaren urdin lanbrotsuak, ilunabarreko purpura eta gorri minak, zelaietako berde biziak edo udazkeneko hostoen urre-koloreak ageri dira argazki hunkigarrietan, bisitariengan gogoeta inspiratzailea eragiteko koloreen esanahiaz, kualitateez eta historian barna izan duten sinbologiaz.
![Foto de la noticia](https://pictures.lanocion.es/2023/septiembre/14/0_640wt/dsc_0039.jpg)
National Geographic-eko argazkilari ospetsuen artean daude Joel Sartore, Steve McCurry, Michael Nichols, Lynn Johnson, Jodi Cobb, Paul Nicklen eta Frans Lanting, guztiak ere hamaika sari jasotakoak; bada, haien bidez jakingo dugu zer konnotazio dituzten koloreek mundu zabaleko kulturetan, hori, laranja, more, urdin, berde eta zurien sorta zabala oinarri hartuta.
Uhin argitsu baten luzerako desberdintasun ñimiño batek eragiten du ikusten duguna gorria ala urdina den. Gizakiaren psikeak mundu osoko kulturetara hedatu diren konnotazioak eman dizkie koloreei. Koloreek gizakiak erakarri dituzte antzina-antzinatik. Jendeak bilatutako lehen koloreetako bat Tiroko purpura izan zen, antzinako feniziarrek erabilia eta Mediterraneo itsasoko barraskilo batzuen gurinetatik ateratzen dena. Ekoizpen-kostuak hain handiak zirenez, jende aberatsak bakarrik izan zitzakeen tindu horrekin egindako jantziak eta, ondorioz, halako sinbolismo bat sortu zen kolore horren inguruan, eta errege-purpura ere esaten zaio.
Erakusketa Artea kalean programaren baitan dago eta, haren bidez, "la Caixa" Fundazioak zerupeko museo bihurtu nahi du Donostia. Dibulgazioa pertsonen hazkundea sustatzeko oinarrizko tresna da eta, horregatik, erakusketen bidez, entitatearen helburua da kultura eta zientzia publiko mota ororengana hurbiltzea.